Gaurkotasuna

Gaurkotasuna



Gabon hauetan, astindu gorputza irri baten truke

2018/12/18

Gabon hauetan, astindu gorputza irri baten truke

Datorren abenduaren 23an, igandea, kirolaren, dibertsioaren, ilusioaren eta, batez ere, elkartasunaren festa handia ospatuko da Miguel Ángel Blanco udal kiroldegian. Astindu gorputza irri baten truke ekimenaren lehenengo edizioa izango da bertan, eta haurren minbiziaren ikerketa bultzatzeko maratoi solidarioa egingo da.

 

Maialen Gómez Perera herriko begiraleak sortutako proiektua da, Ermuko Udalaren eta Bizkaiko AECCren babesarekin, eta gaur goizean aurkeztu du ekimena udal kiroldegian Beatriz Gámiz Kultura, Gaztedi eta Euskara zinegotziarekin batera. Maratoia hilaren 23an 09:00etan hasiko dela azaldu dute, eta ziklo indoor edo spinningeko hiru saio eta zumbako bi izango direla zehaztu dute. Ordubeteko saioak izango dira, eta bakoitzean 90 (spinningean) eta 100 (zumban) pertsonak parte hartu ahal izango dute.

 

“Ermuan jende askok parte hartzen du spinning ikastaroetan, beraz, ekimen erakargarria izan daiteke. Ziklo indoorrarekin ausartzen ez diren (intentsitate altuko jarduera delako) edo beste zerbait probatu nahi duten pertsonentzat, ordea, zumba saioak prestatzea pentsatu dugu, mundu guztiak parte hartu ahal izateko jarduera eramangarriagoa baita”, adierazi du Maialen Gómezek.

 

Parte hartzen duten pertsona guztiek EMOEk eskainitako poltsa bat jasoko dute. Bertan, maratoirako zapi bat, pultserak eta ur botila jasoko dituzte, besteak beste.

 

Kirolaz gain, etxeko txikienek ere jolas, tailer eta animazio ekitaldiak izango dituzte Antxitxiketan taldearen eskutik. Olentzero eta Maridomingi ere bertan izango dira, Gabonetako egun berezi horien aurretik umeekin egon eta hitz egiteko. Ekimen horiekin, familia guztia parte hartzera bultzatu nahi da.

 

Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartearen Ermuko toki batzordeak ere izango du lekua egitasmo honetan, eta haurren minbiziaren inguruko informazioa eskaintzeko mahaia jarriko du.

 

Izen-ematea zabalik ostegunera arte

 

Maratoian parte hartzeko txartelak salgai daude 6 euroren truke, eta horrekin, ordubeteko spinning edo zumba saio baterako eta haurren jolasetarako sarrera, zozketetarako txartelak eta sorpresa bat eskuratu ahalko dira. Kirol saio bat baino gehiagotan parte hartu nahi izanez gero, ordu bakoitzerako txartel bat erosi beharko da. Gainera, fila 0 deitzen diren txartelak ere erosi ahal dira; hau da, kiroletan parte hartu ez arren, sei euroko ekarpen solidarioa egin daiteke horien bidez.

 

Egitasmo honetan jasotzen den diru guztia AECC Bizkaia elkarteari emango zaio haurren minbiziaren ikerketarako.

 

Txartelak M. A. Blanco udal kiroldegian edo astindugorputza@gmail.com helbide elektronikoan lortu daitezke. Izena emateko epea abenduaren 20an, osteguna, amaituko da.

 

Babesle solidarioak

 

Herriko denda eta ostalaritza establezimendu ezberdinen babesa jaso du maratoiak, eta goiz osoan zehar zozketatuko diren otarrak osatzeko produktuak eskaini dituzte.

 

Bestalde, Mallabiko Udalak, A-Z herriko gimnasioak, Deosan Kirol Zerbitzuak enpresak eta Durangoko Zirkin gimnasioak bizikleta estatikoak eskaini dituzte. Horrela, udal kiroldegian daudenekin batera, maratoirako 90 plaza eskaintzeko aukera izango da.

 

Azpimarratzekoa da Ermuko Udalak eta EMOEk ekitaldiaren gastuei aurre egiteko laguntza eskaini dutela. Esaterako, inguruko herrietatik Ermura bizikleta estatikoak ekartzeak eragindako garraio gastuak ordaintzeko.

 

Antolatzaileek ilusioz beteriko ekitaldi eder honetan parte hartzera deitzen dituzte herritar guztiak. “Ermuak behin baino gehiagotan erakutsi du baduela elkartasun sena, eta ziur gaude oraingoan ere hori argi geldituko dela”, adierazi du Beatriz Gámiz zinegotziak.

 

Iturria: Ermuko Udala
Pdf-a jeitsi

IMD Ermua

Instituto Municipal de Deportes de Ermua

Ermuko Udal Kirol Erakundea

k/ Diputazio, z/g | 48260 Ermua